XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sarrera Ereitean, ustegabekorik gertatu ezean, uzta jaso egiten da.

Eskuartean daukazun alea, hain zuzen, horixe duzu, urte hauetan Arrasaten ereindako euskal haziaren uzta laburbildu nahi duen dokumentua.

Orriotan zehar, AEDren sorrera-prozesuaz eta urte hauetako lanaren nondik norakoez ahalik eta interesgarrien izan dakizukeen informazioa aukeratzen saiatu gara.

Jakinean gaude Arrasaten urratzen ari garen bideak jakinmina sortarazi duela herrian bertan eta baita gure herri mugarrietatik kanpora ere.

Honela, bada, bikoitza da Jazten 3. honen emaitza, batetik, elkartean lanean dihardugunon esperientzia papereratzen lagundu digulako, eta, bestetik, AEDren esperientziaz informazioa jaso nahi dukeena bertan aurkitu ahal izango duelako Arrasate Euskaldun Dezagunez oinarrizko informazioa.

Hiztunen, hizkuntz komunitateen eta Hizkuntzen bizitzan egonkortasunik izaten ez denez, dokumentu hau berau ere eguneratzen jarraitu beharko dugu aurrerantzean.

Edonola ere, oinarriak non jarri ditugun eta zutabe nagusi zeintzuk dauzkagun jakin nahi duenari, ideiak argitzen lagunduko dio.

Ez da inondik inora izandako zerbaiten memoria, ez eta, hainbat urrats eman ditugula eta, geure buruaz laudorioka aritzeko aitzakia ere.

Izan ere, zenbat eta borondate gehiago bildu, zenbat eta arlo zabalagoetara hedatu gure dinamika, orduan eta urrunago joaten bait zaigu lortu beharreko helburua, orduan eta hobeto ohartzen gara Arrasate euskalduna ez dela goizetik gauera etorriko.

Baina, halaber, gero eta argiago ikusten dugu nonbaitetik etortzekotan euskararen zorioneko egoera normalizatua, gure erantzunkizuna inorengan delegatzetik baino geure kontzientziak elkarlanean jartzetik baino ez dela etorriko.

Horixe egiten hasi gara Arrasaten eta fruitak jasotzen hasi gara.

Beste horrenbeste egiten hasiko ahal dira herri mailan eta nazio mailan euskararen geroaz jadanik konprometitua dauden kolore guztietako euskaldunak.

Beste biderik ez da. Eta berau ondo urratuta ere ikusi egin behar ea Arrasate bihurtuz goazen Mondragón eta ea Euskal Herria osatzeko gauza garen País Vasco edo Euskadiren ordez.

Gu, Arrasate aldean, bide honetan hasi baino ez gara egin. J.